Gernika Rugby Taldeak denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratu du gaur goizean Gamarran jokatutako neurketan. Ohorezko B Mailako 20/21 denboraldiari dagokion hamahirugarren jardunaldian – bigarren itzuliko bigarrenean – Gaztedi Rugby Taldeak eta Gernika Rugby Taldeak elkar ikusi dute: bizkaitarrak 14 eta 41 nagusitu dira.

Gaztedi denboraldi hasieratik goranzko joeran dagoela ikusirik – bigarren itzulian goreneko taldean sailkatzea lortuz -, gernikarrek aurreikusi zezaketen Gamarran jokatuko zuten neurketa ez zela erraza izango. Izan ere, Gaztedi aurreko jardunaldian Ourense R.C.-ari irabazita iritsi da neurketara. Gernikarrek ondo ikasita eraman dute neurketara gasteiztarren jokoa, eta horri aurre egiteko erabaki eta entrenatu duten jokoa plazaratzeko asmoz zelairatu dira. 

Nahi eta egin. Gernikarrek lehen zatian beraien jokoa ezarri dute, lehen hamar minutuak bete aurretik markagailuan aurrea hartzea lortuz zigor ostiko bat baliatuz. Taldea tinko zelairatu da, eta lehen hogeita bost minutuak bete aurretik bi entsegu lortu izanak – Albertus De Bod eta Juan Bautista Arranz -, lasaitasun puntu batekin jokatzea ahalbideratu die gernikarrei. Konfiantzaz zegoen talde bizkaitarra. Epaileak lehen zatia bukatutzat eman orduko Gernikak beste bi entsegu burutzea lortu du, bata Juan Bautista Arranzen eskutik, eta, bestea, Gaizka Iturriaga-Echevarriaren eskutik. Bi entsegu hauen artean, ordea, Gaztedi Rugby Taldeak bere lehenengo zazpi puntuak lortu ditu Lojan Potgieterren entsegu eta, Winrey Duwayne Stoffelsen transformazioarekin. Hala, jokoaren lehen berrogei minutuak bere direnerako, Gamarrako markagailuak 7 eta 29koa adierazten zuen gernikarren alde. 

Bigarren zatian, bestalde, Gernikak ez du hasiera batetik jokoa ezartzea lortu. Lasaitasunak edo bestelako faktoreek eraginda, gernikarrak minutu batzuetan zehar nolabait neurketatik at izan dira. Gaztedik beraien bigarren entsegua lortu du minutu horietan Jon Ramon Montoyaren eskutik. Une horretan Gernikak ez zituen puntu gehigarria lortzeko behar beste entsegu bere mesedetarako, beste entsegu bat lortu beharra zuten. Nolabaiteko urduritasuna antzematerik bazen ere, talde gernikarrak egoera irauli ahal izan du, presio horri aurre egitea lortuz. Izan ere, neurketaren azken hamar minutuetan Gernikak beste bi entsegu lortu ditu: lehena Andoni Martinek lortu du, bigarrena, bestalde, Andoni Larrabeitik. Honela, epaileak neurketaren bukaera adierazi duenean, markagailuak 14 eta 41ekoa adierazten zuen. 

Bost puntu gehiagorekin, Gernikak A taldeko sailkapen orokorraren goreneko postuari eusten dio. Egun, 32 punturekin lehen sailkatuak dira gernikarrak. Datorren jardunaldian, ordea, bigarren sailkatua jasoko du talde bizkaitarrak Urbietan, Hernani CRE. Hernani, sailkapen orokorrean 25 punturekin, Pasek Belenos R.C.-ren aurka garaipena lortuta iritsiko da neurketara (37-30).

________________________________________________________

Gernika Rugby Taldea → Facundo LAMAS; Jon ABOITIZ (69´ Eder MARTINEZ); Jon Mikel ABOITIZ (64´ Ibai BILBAO GARCIA); Andoni LARRABEITI; Federico STEIN; Juan Bautista ARRANZ; Agustín Tomás VEROLI (41´ Fagu MALLOY); Albertus DE BOD; Iker OLAETA (49´ Jokin ESKOLAR); Siyabonga MASUKU; Eneko GOROSTIZA (74´ Carlos ZAVALA); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Xabier ALBIZUA; Estanislao RETHEL.

Gaztedi Rugby Taldea → Xabier ANTIA ( 70´ Xabier BENGOA); Oier MONTALBAN (41´ Mikel ZARRABEITIA); Gaston Blas VALERA (64´ Mohamed Rayane MELLAT); Javier Ivan ROMERO; Joanes GALARZA; Aleix VENDRELL; Jon Ramon MONTOYA; Lohan POTGIETER; Beñat FERNANDEZ DE CORRES (41´ Iñigo BARBE); Winrey Duwayne STOFFELS; Markel ZORROZUA (61´ Domenic SMIT); Endika MIGUEL; Josu GARCIA (61´ Iñigo EZQUERRA); Aritz GALARZA (41´ Jorge GOLPE);  Josu CARRILLO.

Arbitro → Andoni SUSPERREGI