Maila euste aldera borrokan ari diren bi taldeek ikusi dute elkar gaurkoan El Pantanon (Villajoyosa). Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu eta sailkapen orokorrean CR La Vila-ri aurrea hartzeko helburua zuen – neurketa aurretik puntu bakarreko aldea zegoen, talde alacantarraren alde -. La Vilak, bestalde, aurretik aipatutako aldea handitu nahi zuen, hiru jardunaldiren faltan, Ohorezko Mailari eusteko aukerak handitzeko. Ohorezko Mailari dagokion hamahirugarren jardunaldiko neurketa honetan CR La Vila nagusitu da, maila mantentze aldera erabakigarria izan daitekeen garaipena eskuratuz (20-07). 

Partidua hasi bezain pronto iritsi da lehen entsegua. Konkretuki, bigarren minutua bete aurretik, Jerry Surumi Davoibaravik etxeko taldearen lehen entsegua burutzea lortu du. Alacanteko taldea guztiz motibatua, kontzentratua, zelairatu da. Lehen unetik neurketa kontrolatu nahi izan dute, gernikarrei berdegunean deseroso sentiarazi. Zazpigarren minutua pasata iritsi da CR La Vilaren bigarren entsegua, oraingo hau Marcos Ruizen eskutik. Harry Neville Emeryk lortutako transformazioarekin, lehen hamar minutuak bete aurretik markagailuak 12 eta 00koa adierazten zuen. Emery bera izan da, lehen ordu laurdena pasata, zigor ostiko bat baliotuz, aldea hamabost puntura handitzea lortu duena.

Gaurkoan urduritasun eta antsietateak gernikarrak gainditu dituela esaterik bada. CR La Vilaren lehen eraso horiek kolpe gogorra izan dira, eta ez dute neurketa kudeatzeko, beraien jokoa inposatzeko, bidea aurkitu. Hala ere, hogeigarren minutua pasata, bazirudien Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea berdegunean gusturago sentitzen hasia zela, une horretatik eta epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi arte aurrerapausoa ematea lortuz. Tarte horretan iritsi da, Albertus De Bod-en eskutik, gaurkoan basurdeek eskuratutako entsegu bakarra. Iker Olaetak transformazioa burutu du, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea markagailuan gerturatzea lortuz (15-7). Bazirudien gehiago ere hurbildu zitezkeela, baina epaileak lehen berrogei minutuen bukaera adierazi duenean, markagailuak 15 eta 7koa adierazten zuen. 

Garrantzi handiko neurketa zela agerian gelditu da partidan zehar. Tentsioa nagusi izan da partidan, eta aipatzekoa da, lehen ordu laurdena bete denean bi taldeetako jokalari banak txartel horia ikusi dutela joko zikina egotzita. Bost bat minutu igaro direnean, CR La Vilako Harry Neville Emeryk, eta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko Juan Bautista Arranzek txartel gorria ikusi dute aurkaria erasotzeagatik. Alegia, hogeigarren minututik aurrera, bi taldeek jokalari bat gutxiago izan dute zelaian. 

Agian markagailuan atzetik joateak bultzatuta, aurretik aipatutako urduritasun eta antsietateak gogorrago erasotu dute talde gernikarra bigarren zatian. Jokoa berrezarri eta hiruzpalau minutura, Gabriel Sipapatek CR La Vilarentzat entsegua lortu du. Entsegu horrekin 20 eta 7, neurketako emaitza definitiboa ezartzea lortu dute. Gernikarrak ez dira berdegunean gustura izan, eta ezin izan dute beste entsegurik eskuratu, beraz, esku hutsez itzuliko dira Gernikara. Etxeko taldeak, bestalde, lau puntu gehiago eskuratu, eta sailkapeneko aldea 5 puntura handitzea lortu du. 

Une honetan, txapelketa bukatzeko hiru jardunaldi besterik falta ez direlarik, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea azken sailkatua da zortzi punturekin. Aurretik CR La Vila du, gaurko irabazitakoak gehituta, 13 punturekin. Datorren asteburuan ez da Ohorezko Mailako jardunaldirik izango, baina martxoaren azken asteburuan C.P. Les Abellesen aurka – 22 punturekin hamargarren sailkatua – lehiatuko da talde gernikarra. Neurketa hau Jorge Diego “Pantera” zelaian jokatuko da, basurdeek etxetik kanpo jokatuko duten azken partida izanik. 

________________________

CR LA VILA: Gabriel SIPAPATE (53´ Agustín PACHECO); Gastón Enrique DEMERGASSO (53´ Ignacio CAINI); Julian Americo BOGGERO (64´ Allan BAKHTAOUI); Jacob William MCCAY; Alejandro SUÁREZ; Juan Ignacio VINACHES (55´ Roberto Enrique); Joan TUDELA (64´ Andrea Massimo MASTOURI); Juan PABLO DEMERGASSO; Harry Neville EMERY; Javier CARRIÓN; Tomás ETCHEVERRY (62´ Patrick MEDINA); Matías TUDELA; Santiago CASALIS (55´ Rodrigo TRIMBOLI); Jerry Surumi DAVOIBARAVI; Marcos RUIZ (68´ Gauthier Pascal VIRIOT).

GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo  LAMAS; Hanno SNYMAN (43´ Eder MARTINEZ); Jon Mikel ABOITIZ (43´ Leonel MORENO); Francisco Jose GONZALEZ (62´ Fagu MALLOY); Marlyn Earl WILLIAMS (42´ Aritz ASENSIO); Albertus DE BOD; Reuben DU PLOOY; Juan Bautista ARRANZ; Iker OLAETA; Julian IZAGUIRRE; Carlos ZAVALA (39´ Ruan WASSERMAN); Andoni MARTIN (43´ Jokin ESKOLAR); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Peio URRUTIA; Estanislao RENTHEL. 

EPAILEA 7 ÁRBITRO: Luis LASALA