Ohorezko Mailari dagokion hamargarren jardunaldiko neurketa jokatu dute gaur Urbietan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eta Lexus Alcobendas Rugbyk. Denbora luzez markagailuan aurretik izan dira basurdeak, baina azken minutuetan neurketak ihes egin die: talde madrildarra 10 eta 12 nagusitu da.
Bigarren astez jarraian etxean jokatu du Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak. Neuketa aurreko adierazpenean taldea “Urbietan, zaletuen aurrean, irabazteko gogo handiarekin” zela adierazi zuen Andoni Martinek. Ez zen gutxiagorako, talde gernikarrak sailkapenaren beherenetik ihes egiten lagunduko zion bigarren garaipena eskuratu nahi zuen. Parez pare Lexus Alcobendas Rugby, jokatutako lehen zortzi jardunaldietan – bat atzeratu behar izan zuten eta oraindik ez da jokatu – sei garaipen eskuratuta lehen postua berreskuratu nahian.
Gaurkoa denboraldi honetan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak etxean jokatutako partida onena izan dela esaterik bada. Lehen zatia parekatua izan da hasieratik. Minutuek aurrera egin ahal ordea, basurdeek aurrerapausoa eman dute: erasoan gogor aritu dira, Lexus Alcobendas Rugby defentsa lanetan ia mugara eramatea lortuz. Hamargarren minutua bete aurretik Andoni Martinek txartel horia ikusi du, hamar minutuz talde gernikarra berdegunean jokalari bat gutxiagorekin utziz. Horren zelairatzearekin batera, Lexus Alcobendas Rugbyko Federico Luisek ere txartel horia ikusi du. Une horretan Gernikako taldeak entsegua lortzeko bi aukera izan ditu, baina epaileak baloiak ez duela lurra ukitu aditu du. Federico Luis zelairatu denean, Alcobendas-eko jokalaria de Santiago Ovejerok ere txartel horia ikusi du, honek ere “joko zikina” egotzita.
Ekinean jarraitu du talde gernikarrak, eta lehen ordu erdia pasata partidako lehen entsegua eskuratu du. Juan Bautista Arranzek lortu du entsegua, eta Julian Izaguirreren transformazioarekin, markagailuan 7 eta 0-koa jartzea lortu dute. Lehen zatia amaitzear zela, Tomas Granellak on eginiko zigor ostiko batekin, Alcobendas Rugby markagailuan hurbildu da. Azken jokaldian, talde gernikarrak berriz ere zazpi puntuko aldea ezartzeko aukera izan du, baina zigor ostikoa ezin izan dute puntu bihurtu. Felix Villegas epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, etxeko taldea markagailuan aurretik zegoen, 7 eta 3.
Bigarren zatian zenbait zehaztugabetasun izan dira gernikarren jokoan, eta horrek Lexus Alcobendasen aldeko zigor ostikoak ekarri ditu berarekin, besteak beste. Berrezarpenetik hamabot minutu igaro direnean, Tomas Granellak markagailuan 7 eta 6-koa ezarri du. Bizpahiru minutu igarota, Julian Izaguirrek beste zigor ostiko batekin erantzun du, berriz ere bi taldeen arteko aldea lau puntura eramanez. Partida gehiago berdindu da bigarren zatian. Azken minutuetan murgilduta, bi taldeek izan dituzte aukerak, baina gernikarrek ezin izan dituzte puntu bilakatu. Lexus Alcobendas Rugbyk, ordea, bai: hiru minuturen faltan markagailuan aurrea hartzeko balio izan dien zigor ostikoa ona egin du Tomas Granellak. Horrela, epaileak neurketaren bukaera adierazi duenean, Urbietako markagailuak 10 eta 12-koa adierazten zuen talde madrildarraren alde.
Puntu bat eskuratu du gaurkoan talde gernikarrak, sailkapen orokorrean zazpi punturekin kokatuz. Beste aste batez sailkapenaren beherenean izango da Eduardo Maidaganen taldea. Datorren asteburuan Valladolidera joan beharko du Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak, VRAC Quesos Entrepinaresen aurka lehiatzera. Talde valladolidtarra hamargarren sailkatua da, hamabost puntu eta hiru garaipen bereganatuta. Urbietan jokatutako neurketan VRAC Quesos Entrepinares nagusitu zen, 8 eta 17.
______________
GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS (58´ Eder MARTINEZ); Hanno SNYMAN; Jon Mikel ABOITIZ; Marlyn Earl WILLIAMS; Aritz ASENSIO (64´ Jon ABOITIZ); Reuben DU PLOOY (76´ Leonel MORENO); Albertus DE BOD; Juan Bautista ARRANZ (56´ Fagu MALLOY); Iker OLAETA (71´ Jokin ESKOLAR); Julian IZAGUIRRE; Ruan WASSERMAN (48´ Estanislao RENTHEL); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Carlos ZAVALA (72´ Mikel ZUBIARRAIN), Peio URRUTIA.
LEXUS ALCOBENDAS RUGBY: Gavin VAN DEN BERG (41´ Iulian-Ionut HARTIG); Santiago OVEJERO; Luis ARANDA; Federico LUIS; Olmo Marcos RODRIGUEZ; Valerio LO SASSO (41´ Carlos RODRIGUEZ); Mateo BAST; Agustín SCHAB; Mauro Luciano PEROTTI; Tomas GRANELLA; Jano CHERR; John Joseph NEVILLE; Sergio MOLINERO; Ignacio ESCOBAR (50´ Xabier MARTIN); Guillermo DOMINGUEZ (80´ Guillermo FERNÁNDEZ-SIMAL).
Epailea / árbitro: Félix VILLEGAS