Ohorezko Mailari dagokion bederatzigarren jardunaldiko neurketa jokatu dute gaur Urbietan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eta Recoletas Burgos – Universidad de Burgosek. Burgosen jokatutako partiduan gertatu bezalaxe, gaurkoan ere talde burgostarra nagusitu da: 17 – 33. 

Denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko beharrez zelairatu da gaurkoan talde gernikarra. Deialdian bi nobedade aurkeztu ditu etxeko taldeak: aste honetan aurkeztutako fi txaketak, Hanno Snyman – hamabostekoan – eta Julian Manuel Izaguirre. Gaurkoan garaipena eskuratzeak sailkapenean aurretik diren horiengana gerturatzea suposatuko zuen basurdeentzat. Burgosko taldeak, bestalde, behekalde horretatik ihes egin eta play-off postuetara gertutatzeko aukera zuen gaurkoan. Gaurkoan lau puntu gertuta helburua betetzetik gertuago dago Recoletas Burgos – Universidad de Burgos. 

Talde gernikarrak berdegunean ondo kokatuta hasi du neurketa. Baloiaren jabetza izan dute, baina ez dira partidako fase batzuetan izandako aukerak markagailuan abantaila bihurtzeko gai izan. Parez pare zuen taldea, ordea, bai. Talde burgostarra izan da, lehen ordu laurdena igarota, markagailuan aurrea hartu duen lehena Tomas Carriok on eginiko zigor ostiko baten bitartez. Lehenengo entsegua, ordea, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eskuratu du Eneko Gorostizaren eskutik. Lehen ordu erdu erdia bete denean, Francisco Jose Gonzalezek txartel horia ikusi du joko zikina dela eta, ondorioz, talde gernikarrak jokalari bat gutxiago izan du berdegunean hamar minutuz. 

Une horretan Urbietako markagailuak 6 eta 3-koa adierazten zuen, etxeko taldearen alde. Emaitza horrek gutxi iraun du ordea, Carrio-k azkar erantzun baitu beste zigor ostiko batekin. Ia jarraian, Andres Lucas Masuyamak Recoletas Burgosen lehen entsegua eskuratu du. Lehen zatiaren denbora betea zela, Burgosko taldeak ez du markagailuan tartea handitzeko aukera galdu: beste behin, Tomas Carriok zigor ostiko bat on egitea lortu, eta 07 eta 16koa jarri du markagailuan.

Bigarren zatia hastearekin bat Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak markagailuan gerturatzea lortu du: Julian Izaguirre, aste honetan bertan aurkeztutako jokalariak, zigor ostiko bat baliatuz 10 eta 16koa jarri du. Nahi eta ezin aritu dira gaurkoan ere gernikarrak. Markagailuan gerturatu nahiean zebiltzala, Valentin Bustosek Burgosko taldearen bigarren entsegua eskuratu du. Neurketaren azken hogei minutuetan murgildurik, bi taldeak ekinean aritu dira: batzuk partidan bizirik iraun nahian entsegu bila. Besteak, erasoko bonus puntua eskuratu nahian lanean. Bi taldeak eskuratu dituzte puntuak tarte honetan, baina batek ere ez du aipatutako helburuak betetzerik izan. Talde burgostarrak sei bat minuturen faltan hirugarren entsegua egitea lortu dute (Juan Diego Zabalegui), eta azken minutuetan laugarrena eskuratu nahian aritu dira. Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea izan da ordea, neurketako azken jokaldian entsegua lortu duena. Peio Urrutiak egin du entsegua, eta Julian Izaguirrek transformazioa burutu du. Gauzak horrela, markagailuak 17 eta 33koa adierazten zuen epaileak bukaera adierazitakoan. 

Golpe gogorra izan da gernikarrentzat, izan ere, beste aste batez sailkapenaren beherenean izango da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea.  Lehen bederatzi jardunaldietan garaipen bakarra eskuratuta, sailkapen orokorrean CR La Vilaren atzetik dago talde gernikarra, sei punturekin. Datorren asteburuan Lexus Alcobendas Rugby talde madrildarraren aurka jokatu beharko dute basurdeek Urbietan. Alcobendas hirugarren sailkatua da, sei garaipen eta hogeita hamar punturekin.

____________________

Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea: Facundo LAMAS (69´ Ibai BILBAO); Hanno SNYMAN (65´ Eder MARTINEZ); Jon Mikel ABOITIZ (45´ Leonel MORENO); Marlyn Earl WILLIAMS (56´ Fagu MALLOY); Aritz ASENSIO; Francisco José GONZÁLEZ (41´ Reuben DU PLOOY); Albertus DE BOD; Juan Bautista ARRANZ (45´ Jon ABOITIZ); Iker OLAETA; Estanislao RENTHEL (41´ Julian IZAGUIRRE); Eneko GOROSTIZA (51´ Jokin ESKOLAR); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Ruan WASSERMAN; Carlos ZAVALA, Peio URRUTIA.

Recoletas Burgos – Universidad de Burgos: Bernardo VAZQUEZ (72´ Leandro WOZNIAK); Jordan ARGERICH; Alejandro LUNA (76´ Mattius PISAPIA); Nicolás Ronald WALKER; Johan WAGENAAR; Lucas Daniel LASTRA (76´ Federico STEIN); Joel SORIA; Valentín BUSTOS (74´ Facundo SACOVECHI); Nicolás ROCARIES (74´ Nicolas HERREROS); Tomás CARRIÓ: Andres Lucas MASUYAMA; David Christian WEERSMA (70´ Alejandro SICILIA); Juan Diego ZABALEGUI; Pablo ROSCÓN; Federico CASTEGLIONI (35´ Facundo LÓPEZ)

Epailea / árbitro: David Joaquín CASTRO