Garrantzia handiko neurketa jokatu zuten larunbatean VRAC Quesos Entrepinares eta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak. Ohorezko Mailako hamaikagarren jardunaldiari dagokion partida Pepe Rojo zelaian jokatu zen, eta talde valladolidtarra nagusitu zen, 18 eta 10.

Talde gernikarrak, beste behin, sailkapenaren behereneko postua atzean usteko aukera zuen. Aurrean VRAC Quesos Entrepinares, egungo – 2020/2021 denboraldiko – liga txapelduna. Valladolideko taldearentzat ezohiko denboraldia izaten ari da, eta horren isla da sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan dagoela, hamaika jardunalditan lau garaipen eskuratuta. Eduardo Maidaganek zuzendatutako taldeak laurogei minutuetan zehar neurketan bizirik mantentzeko asmoarekin egin zuen salto berdegunera, puntuak Gernikara eramateko helburuarekin. VRACek, bere aldetik, ez zuen bere etxean puntuei ihes egiten uzteko asmorik, horrek are gehiago zailduko bailuke taldearen egoera.

Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak bere zaletuen babesa izan zuen armailetan. Partida ordea ez zen espero bezala hasi hauentzat. Hiru minutu besterik ez ziren igaro VRAC Quesos Entrepinaresen neurketako lehen entsegua eskuratu zuen arte. Jorge Ortiz izan zen bere taldea aurretik jartzea lortu zuena. Hamargarren minutua pasata markagailuan 8 eta 0koa jartzea lortu zuen etxeko taldeak: Nathan De Thierry izan zen zigor ostikoa jaurti zuena. Neurketa joko aldetik nahiko parekatua izan zela esaterik bada, baina lehen zatian gernikarrek ez zuten jokoa puntu bihurtzerik lortu. Etxeko taldeak ordea, bai. De Thierry bera izan zen, lehen ordua betetzear zela markagailuan tartea handitzea lortu zuena: beste zigor ostiko batez baliatuz 11 eta 0-ekoa ezarri zuen. Emaitza horrekin bukatu zen partidako lehen zatia Pepe Rojo zelaian. 

Bigarren zatian, basurdeek aurrerapauso bat eman eta markagailuan gerturatzea lortu zuten. Hanno Snyman izan zen, partida berriz ezarri eta hamar bat minutura, gernikarren lehen entsegua lortu zuena. Iker Olaetak ezin izan zuen transformazioa burutu, eta Pepe Rojoko markagailuak 11 eta 5-ekoa adierazten zuen. Bi taldeek guztia eman zuten puntuak eskuratzeko, baina beste behin, gernikarrek garesti ordaindu zituzten egindako akats puntualak. Markagailu horrekin gernikarrek puntu bat eskuratuko zuten, baina entsegu batek dena aldatu zezakeen. Entsegua ordea, etxeko taldeak, VRAC Quesos Entrepinaresek eskuratu zuen neurketa bukatzeko hamar minutu pasatxo falta zirenean. Markagailuan tartea 13 puntura eraman zuen Alejandro Alonsok. Partidako azken minutuan ordea Hanno Snymanek gernikarren bigarren entsegua lortu zuen, baina Estanislao Renthelek ez zuen transformatzerik izan. Gauzak horrela, gernikarrak punturik eskuratu gabe itzuli ziren etxera: neurketa 18 eta 10-eko markagailuarekin bukatu zen. 

Bost jardunaldiren faltan, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak sailkapeneko azken postuan jarraitzen du, CR La Vilarengandik bi puntura. Otsailaren 20ko asteburura arte ez da Ohorezko Mailako jardunaldirik izango. Hamabigarren jardunaldian, Gernikako taldeak Ampo Ordizia RE – zazpi garaipenekin hirugarren sailkatua – izango du aurkari Urbietan. Bosgarren jardunaldiko partidan bi taldeek elkar ikusi zuten Altamiran: Ampo Ordizia RE-k 51 eta 8 irabazi zuen.


VRAC Quesos Entrepinares: Raúl CALZÓN (53´ Daniel STÖHR); Álvaro PÍREZ (53´ Pablo MIEJIMOLLE); Alberto BLANCO (75´ Adrián NORIEGA); Ilaitia Henare Kalo Kalo GAVIDI; Ewart POTGIETER; Jorge ORTÍZ; Gabriel VÉLEZ (67´ Sacha CASAÑAS); Siosiua MOALA; Zee MKHABELA (67´ Pablo GIL); Nathan DE THIERRY; Baltazar TAIBO (42´ Alex Murray THRUPP); Alejandro ALONSO; Álvar GIMENO; Pedro Alberto AÑIBARRO; Pedro DE LA LASTRA (41´ Javier LOPEZ).

Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea: Leonel MORENO (45´ Jon Mikel ABOITIZ); Eder MARTINEZ (41´ Hanno SNYMAN); Ibai BILBAO (41´ Facundo LAMAS); Marlyn Earl WILLIAMS; Francisco José GONZALEZ (61´ Mikel ZUBIARRAIN); Agustín FORURIA (45´ Juan Bautista ARRANZ); Albertus DE BOD; Fagu MALLOY; Iker OLAETA (66´ Jokin ESKOLAR); Estanislao RENTHEL; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Ruan WASSERMAN (41´ Carlos ZAVALA); Julian IZAGUIRRE (54´ Eneko GOROSTIZA); Peio URRUTIA. 

Epailea / árbitro: Roger PARERA