Gernika Rugby Taldea Ohorezko Mailara igoera faseko finalaurrekora sailkatu da Fénix Club de Rugby talde zaragozarra gaindituta. Talde bizkaitarra 20 eta 08 nagusitu da Urbietan jokatutako neurketan. 

Igoera faseko lehen neurketa jokatu da Urbietan. Batetik, Gernika Rugby Taldea; etxeko taldea denboraldi erregularreko neurketa guztiak irabazita iritsi da, Ohorezko B Mailako sailkapen orokorrean bigarren izanik (CR La Vilarekin puntutan berdinduta, talde alacantarra sailkatu da lehenengo). Bestetik, Fénix Club de Rugby Zaragoza: Ohorezko B Mailako “B” taldean hirugarren sailkatua, sailkapen orokorrean zazpigarren sailkatu da. 

Aurreko emaitzak medio, Gernika Rugby Taldea jotzen zen faboritotzat partida aurretik. Jakitun izanik ere, Fénix CR Zaragozak ez zuen denboraldia amaitutzat emateko asmorik, eta gernikarrei neurketa irabazteko lan egin behar izatera behartzeko asmoz hurbildu dira Gernikara. Nahi eta lortu. Lehen zatian bereziki, zaragozako taldeak etxeko taldeari oso zail jarri dizkio gauzak. 

Arratsalde eguzkitsua izan da Urbietan, haizea ere une batzuetan protagonista izanik. Neurketa hasi eta hamar minutura iritsi da partiduko lehen entsegua: Xabier Albizuak lortu du talde bizkaitarra markagailuan aurretik jarriz. Jarraian, talde zaragozarrak aurrerapausoa eman du, denbora luzez Gernikaren zelaian jokatzea lortuz. Zelaiaren erdigunea gurutzatzeko arazoak izan ditu etxeko taldeak hainbat minutuz. Egoera horretan, antijokoa egotzita, Facundo Lamas Gernikako jokalariak txartel horia ikusi du. Zelaian bat gutxiago izanik ere, Gernikak gogor eutsi dio Fénixen erasoari, Albertus de Bod-en bitartez bigarren entsegua lortuz. Lamas berriz ere zelairatzear zela, Federico Steinek ikusi du txartel horia, talde gernikarra beste hamar minutuz jokalari bat gutxiagoarekin utziz. Fénix zigor ostiko batez baliatu da (Gauthier Viritot), atsedenaldirako markagailuan 10 eta 3koa jartzeko. 

Bigarren zatian lehen berrogei minutuetan baino erosoago aritu da etxeko taldea. Epaileak neurketa berrabiarazi eta pare bat minutura Gernikaren neurketako hirugarren entsegua iritsi da, Albertus de Bod-en eskutik. Siyabonga Masukuk transformatzea lortu, eta markagailuan 17 eta 3koa ezarri du. Talde zaragozarrak argi zuen ez zuela amore emango, eta horrela, bigarren zatiaren lehen bost minutuak bete aurretik, gernikarren nahas-mahas une bat baliatuz, lehen entsegua lortu dute (Matt Brabazon). Markagailuan ez da bestelako aldekarik eman, Siyabonga Masuku izan da, zigor ostiko bat balituaz, 56. minutuan markagailuan 20 eta 08 definitiboa ezarri duena. Hala ere, lehen zatian zaila izan da basurdeentzat nagusitasuna lortzea, baina bigarren zatian lortu dute fase batzuetan nagusitasun hori islatzea.

Gernika Rugby Taldeak ez daki oraindik datorren astean zein talde izango duen parez pare finalaurrekoetan, bihar jokatuko baitira final laurdenetako gainontzeko neurketak. Hala ere, aurkaria dena delakoa izanik, gernikarrek gaurko neurketan ikusitako ahuleziak zuzentze aldera lan egingo dute, datorren asteburuko neurketa prestatzeko.

____________________________________________________

GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS (78´ Francisco BOTTONI); Jon ABOITIZ (57´ Eder MARTINEZ); Jon Mikel ABOITIZ (67´ Ibai BILBAO GARCIA); Andoni LARRABEITI; Federico STEIN (53´ Agustín FORURIA); Juan Bautista ARRANZ (78´ Francisco Agustín NOGUERA); Agustín Tomás VEROLI; Albertus DE BOD; Iker OLAETA (48´ Jokin ESKOLAR); Siyabonga MASUKU; Eneko GOROSTIZA; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA (71´ Carlos ZAVALA); Andoni MARTIN; Xabier ALBIZUA; Estanislao RENTHEL.

FÉNIX C.R. ZARAGOZA: Guillermo AINA (77´ Eduardo SORIA); Thomas BREURE (60´ Jorge MOLINA); Emilio BRIZUELA (75´ Jose María MORTE); Joaquin JIMENEZ; Matt BRABAZON; Javier ABADÍA; Maxime GLIZE (57´ Alejandro PASAMAR); Adrian MARTÍN; Lucas LIEVREMONT (51´ Jean DUVIGNAQ); Gauthier VIRIOT (75´ Guillaume ICEAGA); Eduardo SEVIL; Nicolás VARELA; Juan José RIVAS; Corentin JAVIERRE (68´ Agustín CAMPOS); Marius ORTEGA (57´ Clement AUTAA). 

Árbitro: Belarmino Álvarez