Gernika Rugby Taldea-k pauso sendoa eman zuen igande honetan, apirilaren 12an, lidergoa sendotzeko bidean, 42-29 irabazita Belenos Rugby Club-en aurka, 12:30ean jokatutako neurketan. Basurdeek hasieratik erakutsi zuten nagusitasuna, eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute, gainera Valencia Rugby Club-en aurkako atzeratutako partida jokatzeke dutela.
Partida bikain hasi zuen Gernikak, erritmoa eta jokoaren kontrola bereganatuta lehen minutuetatik. Erasoan fin eta defentsan sendo, markagailuan aldea handitzen joan ziren gernikarrak, atsedenaldira 24-10eko abantailarekin iritsiz.

Bigarren zatian, Belenosek erreakzionatzen saiatu zen eta puntuak lortu zituen, baina Gernikak ondo kudeatu zuen aldeko emaitza. Aurkarien saiakera bakoitzari erantzuten jakin zuten basurdeek, intentsitatea galdu gabe, eta azkenean 42-29ko garaipena ziurtatu zuten.
Emaitza honekin, Gernikak lider jarraitzen du liga amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, nahiz eta partida bat gutxiago jokatu duen. Datorren astean neurketa erabakigarria izango dute Club de Rugby Sant Cugat-en aurka, sailkapeneko hirugarrenaren kontra. Partida horretan erabakiko da gernikarrek playoffetako finalerdia etxean jokatzeko aukera izango duten ala ez. Lehen postuan amaituz gero, gainera, balizko final batean etxeko abantaila izango lukete.
Argazkia: Photo Perez