Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak denboraldiko bigarren porrota jaso du Recoletas Burgos – Universidad de Burgos taldearen aurka jokatutako neurketan. San Amaron, talde burgostarraren zelaian jokatu du talde bizkaitarrak Ohorezko Mailari dagokion bigarren jardunaldia; Eduardo Maidaganen taldea ez da etxeko taldea mendean hartzeko gai izan, eta 34 eta 13 galdu dute.
Lehen unetik aldats gora jarri zaio partida gaurkoan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeari, izan ere, talde burgostarra nagusi izan baita lehen unetik jokoaren esparru guztietan. Nagusitasun hori azkar ikusi da markagailuan, partidua hasi bezain pronto iritsi baita Recoletas Burgos-en lehen entsegua Joel Soriaren eskutik. Gernikarrek partidan jarraitzeko asmoz jardun dute, Estanislao Renthelek zigor ostiko bat on eginez markagailuan gerturatuz, baina, beste behin, eta lehen hamar minutuak bete aurretik, etxeko taldeak bigarren entsegu bat lortu du (Enzo Beltramino), markagailuan 12 eta 3koa jarriz. Ezbeharrak pilatuz joan da talde gernikarra. Uztartzeetan ez guztiz trebe aritu talde biztaitarra, eta, gainera, Eder Martinez jokalariak zelaia utzi behar izan du kommozio bat dela eta – bere ordez Jon Aboitjz zelairatu da -.
Denbora gutxira, San Amaroko markagailuan hogeigarren minutua bete dela adierazi aurretik, Marc Sanchezek Recoletas Burgos – Universidad de Burgosentzat hirugarren entsegua lortu du. Gauzak horrela, bigarren aldaketa egin du Gernikako taldeak: Fagu Malloy zelairatu da Francisco José Gonzalezen ordez. Minutu gutxira iritsi da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak gaurkoan lortutako entsegu bakarra: Reuben Du Plooy, gernikarren fitxaketa berriak gauzatu du, markagailuan 19 eta 10ekoa jarriz. Atsedenaldirako ezer gutxi falta zenean, Burgosko taldeko jokalari batek txartel horia ikusi du (Joel Soria), hamar minutuz bere taldea jokalari bat gutxiagorekin utziz. Orduantxe, Estanislao Renthelek, beste zigor ostiko bat on egitea lortu, eta bere taldea markagailuan pixka bat gerturatzea lortu du, lehen berrogei minutuak bete direnean, emaitza 19 eta 13koa izanik.
Uztartze zein alboko sakeetan nabarmen gailendu da etxeko taldea, bai lehen zatian, zein bigarrenean. Bigarren zati horretan lortu du talde burgostarrak nagusitasuna markagailuan islatzea. Jokoa berrezarri eta minutu gutxira Tomas Carrió-k ez du bere taldearen abantaila handitzeko aukera galdu, eta zigor ostiko baten bidez, 22 eta 13koa ezarri du. Hirurogeigarren minutua bete den momentuan, Juan Bautista Arranz Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko jokalari argentinarrak min hartu du, epailea jokoa etetera behartuz. Klubeko osasun arduradunek bertan artatu duten arren, jokalaria anbulantzian atera dute, protokoloa jarraitu eta bestelako kalterik ez duela baieztatzeko. Haren ordez Itai Maruri zelairatu da.
Azken hamar minutuetan ezarri da behin betiko emaitza San Amaron: etxeko taldeak bi entsegu lortu ditu, bata Pablo Rasconek egin du, bestea ordea, Matias Nuñezen eskutik iritsi da. Hala, epaileak neurketaren bukaera adierazi duenean, markagailuak 34 eta 13koa adierazten zuen, Recoletas Burgos – Universidad de Burgosen alde.
Lehen bi jardunaldiak burutu direnean, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea sailkapen orokorreko beherenean da, C.P Les Abellesekin zero puntura berdinduta. Hirugarren jardunaldiari begira daude jada basurdeak, ordea: VRAC Quesos Entrepinaresen aurka lehiatuko dira, Urbietan. Talde valladolidtarra, 5 punturekin zortzigarren postuan sailkapenean. Bigarren jardunaldi honetan 13 eta 12 nagusitu zaio Ciencias Enerside-i.
Datorren larunbateko neurketa (17:00) berezia izango da oso. Denbora asko igaro ostean, Gernika Rugby Taldeko zaletuak Urbietara gerturatu ahal izango dira neurketaz gozatu eta taldea gertutik animatzera.
RECOLETAS BURGOS – UNIVERSIDAD DE BURGOS: Leandro WOZNIAK (56´ Bernardo VAZQUEZ); Jordan ARGERICH (74´ Alex SILVESTRE): Alejandro LUNA (71´ Mattius PISAPIA); Federico STEIN; Facundo SACOVECHI; Marc SANCHEZ (55´ Nicolás Ronald WALKER); Joel SORIA; Lucas Daniel LASTRA; Nicolás ROCARIES (77´ Alejandro Sicilia); Tomás CARRIÓ: Enzo BELTRAMINO (55´ Pablo RASCÓN); David Christian WEERSMA; Juan Diego ZABALEGUI; Facundo LÓPEZ (62´ Matias NUÑEZ); Federico CASTEGLIONI.
GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS; Eder MARTINEZ (17´ Jon ABOITIZ); Ibai BILBAO (48´ Leonel MORENO); Francisco José GONZALEZ (26´ Fagu MALLOY); Reuben DU PLOOY; Agustín FORURIA (74´ Carlos ZAVALA); Agustín Tomás VEROLI (48´ Aritz ASENSIO); Juan Bautista ARRANZ (60´ Itai MARURI); Iker OLAETA (48´ Jokin ESKOLAR); Estanislao RENTHEL; Mikel ZUBIARRAIN; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Peio URRUTIA; Ruan WASSERMAN.
Epailea / Árbitro: Inaki MUÑOZ