Ohorezko Mailari dagokion laugarren jardunaldiko partida jokatu dute gaur Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eta Barca Rugbik. Urbietan jokatu den neurketan talde kataluniarra nagusitu da, 22 eta 26. 

Denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko asmoz zelairatu da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea. Aurrean, Barca Rugbi, lehenengo hiru jardunaldietan bi garaipen eskuratu dituen taldea. Neurketa ondo hasi da Gernikako taldearentzat, bost minutu igarota markagailuan aurrea hartzea lortu baitute. Bartzelonako taldeak ordea, egoera irauli ahal izan du Dan Isaacken entsegu batekin lehen hogei minutuak betetzean. “Basurdeak” ez dute beraien jokoa nahi bezala zelairatzea lortu, eta horrek atsedenaldian markagailuan atzetik joatea eragin du. 

Gernikarren lehen entsegua lehenengo ordu erdia betetzear zela iritsi da Jon Mikel Aboitizen eskutik (10-07). Ia jarraian Barca Rugbik beste entsegu batekin erantzun du (Xabier Cebrian). Epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, Urbietako markagailuak 10 eta 14koa adierazten zuen.

Bigarren zatian aurrerapausoa eman du talde gernikarrak. Hala ere, talde kataluniarrak bi entsegu lortu eta markagailuan tartea haunditu du. Azken hogei minutuetan nabaritu da batez ere basurdeen bultzada. Peio Urrutiak gernikarren bigarren entsegua lortu du. Gernikarrak entsegu lerrotik gertu igaro dituzte azken minutuak, baina Barcaren defentsak gogor eutsi dio erasoari. Hala, neurketa bukatzeko bizpahiru minuturen faltan Reuben Du Plooy-k hirugarren entsegua lortu du etxeko taldearentzat. Ez da garaipena eskuratzeko nahikoa izan, markagailuak 22 eta 26koa adierazten baitzuen. Emaitza horrekin, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak denboraldiko lehen puntua eskuratu du.

Ohorezko Mailan euskal derbia izango da datorren jardunaldian, izan ere, gernikarrek Ordiziaren etxean jokatuko baitute, Altamiran. Egun, Ampo Ordizia RE seigarren sailkatua da, 10 punturekin.

_______________________

_______________________

Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea: Jon MIkel ABOITIZ; Eder MARTINEZ (70´ Jon ABOITIZ); Leonel MORENO (68´ Ibai BILBAO); Reuben DU PLOOY; Francisco José GONZALEZ (48´ Albertus DE BOD); Juan Bautista ARRANZ; Agustín Tomás VEROLI (41´ Fagu MALLOY); Agustín FORURIA (66´ Aritz ASENSIO); Jokin ESKOLAR; Estanislao RENTHEL (41´ Iker OLAETA); Carlos ZAVALA (50´ Eneko GOROSTIZA); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Peio URRUTIA; Ruan WASSERMAN.

Barca Rugbi: Tomas LEONORI (53´ Marcos MUÑIZ); Xabier CEBRIAN (53´ Mariano PIGATTO); Julio SPEZIALI; Rochedi MIRABET; Javier LAGIOIOSA; Franco CUMINETTI (53´ Facundo LASCHERA); Michael Sequoia HOGG); Ramiro ROBLEDO; Pablo PEREZ; Leonardo BACCHI (66´ Bastien JEGOU); Pedro CANE; Dan ISAACK (41´ Francisco Maria Carvalho FORBES); Daniel BARRANCO; Felipe ALEGRIA (68´ Alfonso Miguel FERRARI); Pablo ORTIZ. 

Árbitro: Luis FERNANDEZ