Ohorezko Mailako seigarren jardunaldiari dagokion neurketa jokatu dute gaur eguerdian Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eta C.P. Les Abellesek. Euria protagonista izan den partidan talde valentziarra nagusitu da, 26 eta 29.
Aurreko jardunaldietan garaipena ezagutu ez duen talde bakarra izanik, sailkapenean aurkariengana gerturatu ahal izateko denboraldiko lehen garaipena eskuratzea izan dute helburu gaurkoan gernikarrek. Les Abellesek, bestalde, garaipena eskuratu eta sailkapenaren behealdetik ihes egitea zuen helburu: eta lortu ere, gaur eskuratutako garaipenarekin Valentziako taldea sailkapenaren erdialdean kokatu da.
Partida ondo hasi da Gernikako taldearentzat: lokatzez beteriko zelaian ondo, nahi bezala kokatuta ekin diote, markagailuan goiz aurre hartzea lortuz. Estanislao Renthel argentinarra izan da zigor-ostiko bat baliatuz basurdeak markagailuan aurretik jarri dituena. Segituan, Austin Marc Davidsek Les Abellesi baloia lapurtzea lortu, eta Gaizka Iturriaga-Echevarriak neurketako lehen entsegua lortu du, markagailuan 8 eta 0-koa jartzea lortuz. Les Abellesek ordea, ez du denbora asko behar izan beste entsegu batekin erantzuteko (Joaquín Rodón).
Zelaiaren egoera abantaila izan zitekeen bertan jokatu eta entrenatzera ohituta dagoen taldearentzat. Hasiera batean mele-etatik onura ateratzeko gai izan da talde bizkaitarra, baita touch-etan trebe aritzeko ere. Estanislao Renthel izan da berriz ere zigor ostikoaz baliatuz, markagailuan tartea handitzea lortu duena. Bost minutu beranduago, lehen ordu erdia betetzear zela, Peio Urrutiak neurketako bigarren entsegua eskuratu du etxeko taldearentzat. Orduantxe, Urbietako markagailuak 16 eta 5-ekoa adierazten zuen Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen alde. Emilien Cabale, C.P. Les Abelleseko jokalariak, ordea, entsegu batekin bere taldea markagailuan gerturatzea lortu du. Eduard Sorrilles izan da entsegu horren transformazioarekin, eta minutu gutxiren buruan ona eginiko zigor-ostiko batekin, atsedenaldirako markagailuan 16 eta 15-ekoa jarri duena.
Bigarren zatia bestalde, ez da espero bezala joan gernikarrentzat. Basurdeak ez bezala, Les Abellesek izandako aukera guztiak aprobetxatu ditu. Izan ere, ageriko geratu da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak zailtasun handiak dituela funtsezko jokaldietan puntuak eskuratzeko.
Epaileak partida berrabiarazi eta pare bat minutura iritsi da Les Abellesen entsegua Roy Afasa Asuega Vucagoren eskutik (16-22). Denboraldian zehar basurdeak garesti ordaintzen ari dira beraien akatsak, eta gaurkoan ez da ezberdin izan: talde valentziarra akats horiek bere mesedetan erabiltzeko gai izan da. Juan Bautista Arranz izan da entsegua lortu eta ta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea berriz ere aurretik jartzea lortu duena, Estanislao Renthelen transformazioarekin batera. Markagailua horrela mantendu da neurketako azken hamar minutuetara iritsi arte. Une horretan Gernikako taldeak hagetarako ostikoa jaurtitzea erabaki du, garaipena eskuratu ahal izateko Valentziako taldea entsegu bat egitera behartzeko. Estanislao Renthel izan da jaurtiketa egitearen ardura hartu eta hiru puntu eskuratu dituena. Les Abellesek ordea, amore ematetik urruti, erasoan jarraitu eta garaipena eman dion entsegua eskuratu du (Marcos Ozu). Gauzak horrela, Alfonso Mirat epaileak neurketaren bukaera adierazi duenean emaitza 26 eta 29koa zen.
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak puntu bat eskuratu du gaurkoan, eta sailkapenaren beherenean jarraituko du gutxienez beste bi astez. Izan ere, ez da Ohorezko Mailako jardunaldirik izango abenduaren 19ko asteburura arte. Zazpigarren jardunaldian basurdeak Complutense Cisneros bisitatu beharko dute. Talde madrildarra zazpigarren sailkatua da, sei jardunalditan hiru garaipen eskuratuta.
___________
___________
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea: Facundo Lamas; Jon Mikel ABOITIZ (46´ Leonel Moreno); Eder MARTINEZ (74´ Jon ABOITIZ); Aritz ASENSIO (71´ Francisco José GONZALEZ); Marlyn Earl WILLIAMS (48´ Agustín FORURIA); Albertus DE BOD; Reuben DU PLOOY; Fagu MALLOY (45´ Juan Bautista ARRANZ); Iker OLAETA (60´ Jokin ESKOLAR); Austin Marc DAVIDS (41´ Ruan WASSERMAN); Eneko GOROSTIZA; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Peio URRUTIA; Estanislao RENTHEL.
C.P. Les Abelles: Joaquin RODÓN; Roy Afasa Asuega VUCAGO (76´ Pablo CASTELLÓ); Martín GEREZ (71´ José Luis CONEJERO); Alejandro ESCUDERO; Harry FITZSIMMONS; Carl JEFFS (76´ Samuel W. HOBBS); Germán AHUIR (52´ Cosmin MATEI); Matias Jorge VILA; Victor Andres MARTINEZ; Eduard SORRIBES; Emilien CABALE (48´ Javier DE ORBANEJA); Marcos OZU; Matías Nicolás BIANCO (76´ Ricardo Enrique MICHÁN); Daniel POLETTO; Fernando DÍAZ.
Epailea / árbitro: Alfonso MIRAT