Neurketaren azken minutuetan ihes egin dio garaipenak Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeari. Ohorezko Mailan lehiatzen diren bi talde euskaldunek ikusi dute elkar txapelketari dagokion hamabigarren jardunaldian. Bosgarren jardunaldian gertatu bezala, honetan ere talde gipuzkoarra nagusitu da, 15 eta 16. 

Bi euskal talde gaurkoan Urbietako berdegunean. Bi taldeetako zaletuak, bestalde, harmailetan. Euskal derbia zen gaurkoa, egoera ezberdinetan dauden bi talde elkartu dituena: batetik, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea. Bestetik, Ampo Ordizia RE. Bizkaitarrak sailkapenaren beherean daude garaipen bakarrarekin, eta gaur garaipena eskuratzeak CR La Vilaren aurretik jartzea suposatu zezakeen. Talde gipuzkoarra, bestalde, zazpi garaipen eskuratuta laugarren sailkatua zela iritsi da Gernikara.

Gernikarrak indartsu zelairatu dira, gogor, beraien jokoa neurketan inposatu nahiez. Ampo Ordizia izan da, ordea, bizpahiru minutu besterik igaro ez direla, zigor ostiko bat baliatuz (Lander Mujika), markagailuan aurrea hartu duena. Basurdeek ekinean jarraitu dute. Lehen zatian defentsan gogor trebatu da Eduardo Maidaganen taldea, eta Ordiziako taldeak zailtasunak izan ditu aurre egin eta entsegu lerrora gerturatu ahal izateko. Urbietako markagailuak hamabigarren minutua adierazten zuela iritsi da neurketako lehen entsegua: Gaizka Iturriaga-Echevarriak izan da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak markagailuan aurre hartzea lortu duena. Estanislao Renthelek ezin izan du transformazioa gauzatu (5-3). Bi taldeek markagailuan ihes egin nahi zuten, baina defentsan erakutsitako lanak, eta epaileak jokoa sarritan gelditzeak, besteak beste, atsedenaldira 5 eta 3ko markagailu horrekin joatea suposatu du. Ordiziak lehen zatiko azken jokaldian markagailuana aurreratzeko aukera izan du zigor ostiko baten bitartez, baina ezin izan dute gauzatu. 

Bigarren zatia hastearekin bat nabaria izan da Ampo Ordiziak emandako aurrerapausoa. Hamar minutu igaro direnerako, talde gipuzkoarrak 5 eta 13koa ezarria zuen markagailuan: lehenik Lander Mujikak zigor ostiko bat on egin du, eta ia jarraian, Diego Carvajalesek eskuratutako entsegua transformatzea lortu du. Amore ematetik urruti, Grupo Intxausti Rugby Taldeak markagailuan aurretik jartzea lortu du berriz ere: Estanislao Renthelek zigor ostiko bat on egin du, eta hamar minuturen faltan, Francisco Jose Gonzalezek talde bizkaitarra aurreratuko zuen entsegua lortu du – Renthelen transformazioarekin -. Gernikako zaletuak biziki ospatu dute entsegua, bazirudien etxeko lehen garaipena gertuago zegoela. Azken bi minutuetan murgilduta, ordea, isiltasuna itzuli da Urbietako harmailara. Lander Mujika berak drop-a jaurti du, markagailuan 15 eta 16koa ezarriz. Emaitza definitiboa izan da hori. 

Ampo Ordiziarentzat izan da garaipena. Golpe latza gernikarrentzat. Garaipena eskuartean izan eta azken minutuan ihes egiten ikusi dute basurdeek. Puntu bakarrarekin konformatu beharko da gaukoan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea. Ohorezko Maila denboraldi erregularra bukatzeko lau jardunaldiren faltan, zortzi punturekin sailkapenaren beherenean jarraituko du Maidaganen taldeak. 

Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izango, baina martxoaren 6ko asteburuan neurketa oso garrantzitsu bat izango dute gernikarrek. Villajoyosara itzuli beharko dute (iaz Ohorezko Mailara igoera faseko finala jokatu zuten bertan) C.R. La Vilaren aurkako lehiatzeko. La Vila azken-aurreko sailkatua da, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak baino puntu bat gehiagorekin. Lau jardunaldi besterik falta ez direla ikusita, maila mantentzeko borroka horretan dauden bi taldeek ikusiko dute elkar El Pantanoko berdegunean. 

_____________________________

GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS (76´ Ibai BILBAO); Hanno SNYMAN (70´ Eder MARTINEZ); Leonel MORENO (48´ Jon Mikel ABOITIZ); Francisco José GONZALEZ: Marlyn Earl WILLIAMS; Agustín FORURIA (20´ Mikel Zubiarrain); Reuben DU PLOOY (55´ Juan Bautista ARRANZ); Albertus DE BOD; Iker OLAETA (61´ Jokin ESKOLAR); Julian IZAGUIRRE; Eneko GOROSTIZA (48´ Ruan WASSERMAN); Andoni MARTIN; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Peio URRUTIA; Estanislao RENTHEL. — Mikel ZUBIARRAIN (70´ Fagu MALLOY)

AMPO ORDIZIA RE: Aitor LASA (56´ Caylib Rees  OOSTHUIZEN); Diego CARVAJALES (56´ Ander ALBERDI); Rodrigo Julian OUBIÑA: Asier ALVAREZ DE EULATE; Oier GOIA; Aitor OLASAGASTI (66´ Aitor TXURRUKA); Muharua Wilhelnm KATJIJEKO: Anthony MATOTO; Elliot RYAN; Lander MUJIKA; Arturo RIVAS (70´ Alain Araña); Asier HERNANDEZ; Andell Anwer LOUBSER (32´ Mikel AIZPURUA); Iñaki PUYADENA; Julen GOIA (50´ Lander GÓMEZ).

Epailea / árbitro:  Eki FANLO