Torrealday Gernika Rugby Taldea taldeak garaipen handia lortu zuen igande honetan Valentzian, Valencia Rugby taldearen aurka (19-30), eta garaipen horrek sari bikoitza ekarri du: División de Honor Élite ligako fase erregularreko txapeldun izendatzea eta finalerdietarako —eta balizko finalerako— etxeko abantaila ziurtatzea.

Partida erritmo biziarekin hasi zen, eta markagailua etengabe aldatzen joan zen lehen zatian. Etxekoek lehen kolpea jo zuten, baina Gernikak berehala erantzun zuen, joko estatikoan sendo eta defentsan zorrotz arituta. Bi taldeek aukerak sortu zituzten, eta joan-etorriko lehen zatia izan zen. Azkenean, 14-20ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldia, dena erabakitzeke utzita.

Bigarren zatian, ordea, gernikarrek beste maila bat erakutsi zuten. Fisikoki nagusitu ziren, jokoaren kontrola bereganatu zuten eta pixkanaka partida bere aldera eraman zuten. Valentziak puntuak lortu bazituen ere, ezin izan zuen bisitarien nagusitasuna geldiarazi. Gernikak abantaila kudeatzen jakin zuen eta neurketa 19-30eko emaitzarekin itxi zuen, bigarren zatiko nagusitasuna argi erakutsiz.

Garaipen honekin, Gernikak ligako talderik erregularrena dela baieztatu du, eta orain begirada finalerdietan dauka. Hitzordua maiatzaren 10ean izango da, 12:30ean, Urbietan, non Fénix Rugby Zaragoza taldea hartuko duen finalerako txartelaren bila.

Urbieta prest dago jada hitzordu handi baterako, eta Gernika sasoi betean iritsiko da, denboraldi bikaina titulua bihurtzeko asmoz.

Argazkiak: JL foto deporte