Iritsi da. Ohorezko Mailari dagokion zazpigarren jardunaldian Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du. Neurketa Complutense Cisnerosen etxean jokatu da, Centralen (Madril). Gaur eguerdian jokatutako neurketan Eduardo Maidaganek entrenatutako taldea 31 eta 35 nagusitu da. 

Gernikako taldea beharrezkoa zuen garaipena lortzeko asmoz gerturatu da Madrilera, eta gogor trebatu da partidak iraundako minutuetan. Parez pare Complutense Cisneros, sailkapen orokorreko zazpigarren sailkatua, lehen sei jardunaldietan hiru garaipen eskuratuta. 

Partida ordea ez da desira bezala hasi gernikarrentzat: lehen hamar minutuak bete aurretik, Complutense Cisnerosen aldeko zigor-ostikoa on eginez, Ike Irustak talde madrildarra markagailuan aurretik jarri du. Markagailuan atzetik joanik ere, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea ondo kokatu da zelaian, eta basurdeak atsedenik hartu gabe aritu dira egoera irauli nahian, eta lortu ere egin dute. Leonel Morenok partidako lehen entsegua eskuratu du, eta Iker Olaetaren transformazioarekin, markagailuan 3 eta 7koa ezartzea lortu dute. Cisnerosek ordea, segituan erantzun du Lucas Vinent-en entsegu batekin. 

Partidan zehar agerikoa izan da bi taldeek garaipena eskuratu nahi zutela. Gorka Gorrotxategiren entsegu batekin, Complutense Cisneros izan da markagailuan aldea lortzeko gai izan den taldea (17-7). Atsedenaldia iristeko bizpahiru minuturen faltan, ordea, Peio Urrutiak Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea partidan sartzea lortu du bizkaitarren bigarren entsegua lortuz. Beste behin, Iker Olaetak transformazioa burutu, eta epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, Centraleko elektronikoak 17 eta 14koa adierazten zuen. 

Bigarren zatian Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak aurrerapauso bat eman duela esaterik bada, jokoaren sorrerari dagokionean zein aukerak sortzeari dagokionean. Bigarren zatian aukerak ugariak izan dira zelaiaren bi aldeetan. Jokoa berrabiarazi eta minutu gutxira, Gernikak aukera horietako bat entsegu bihurtzea lortu du (Gaizka Iturriaga-Echevarria). Minutu gutxira, Iker Olaetak talde gernikarraren abantaila bost puntura igotzea lortu du zigor ostiko batez baliatuz (17-22). Cisnerosek ordea ez du denbora asko behar izan entsegu batekin erantzuteko: Ike Irusta berak lortu ditu entsegua bera eta zegokion transformazioa. Hasieratik ezarritako patroiari jarraiki, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak jarraian beste entsegu batekin erantzun du. Berriz ere, Gaizka Iturriaga-Echevarria izan da talde bizkaitarra markagailuan aurretik jartzea lortu duen jokalaria (24-29). 

Neurketaren azken hamar minutuetan murgildurik, bi taldeak eman zezaketen guztia utzi dute berdegunean. Batek puntuak Madrilen geratzea nahi zuen, besteak, bai ala bai, garaipena Gernikara ekarri. Lehen urratsa Cisnerosek eman du. Rafael Escarioren entseguarekin, eta Ike Irustaren transformazioarekin, berriz ere aurrea hartu du. Aukerak alde bietan ikusi badira ere, gernikarrek lan asko egin behar izan dute madrildarrak markagailuan aurre hartzen zuten bakoitzean. Denbora bukatzear zegoela, bizpahiru minuturen faltan, Iker Olaeta, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko kapitainak zigor ostiko batekin bere taldea aurretik jartzea lortu du. Partidaren azken konpasak ziren, eta basurdeek

lehen garaipena eskuartean zuten. Partidako azken jokaldia izango zen horretan, Ruan Wassermanek zigor ostiko bat jaurti du zelai erditik haratago. Jaurti eta sartu. Horrela, Centraleko markagailuak 31 eta 35ekoa adierazten zuenean, Roger Parera epaileak neurketaren bukaera adierazi du. 

Denboraldiko lehen garaipena Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearentzat. Talde bizkaitarra sei punturekin kokatzen da. Nahiz eta oraindik sailkapenaren beherenean egon, garaipen honek mailari eusteko arerio zuzen izan daitezkeen horiengana gerturatzeko balio izan die Gernikarrei. Gabonetako geldialdia igaro ostean jokatuko da Ohorezko Mailako zortzigarren jardunaldia. Urtarrilaren 9ko asteburuan jokatuko den partida horretan Ciencias Enerside bisitatu beharko dute gernikarren Sevillan.

_________________-

COMPLUTENSE CISNEROS: Guillermo ESPINOS (´48´ Nicolas FERNÁNDEZ-DURÁN); Andres VALLEJO (48´ Gonzalo GONZÁLEZ); Gonzalo GROSS (48´ Facundo Nicolas AVILA); Santiago FAUDA; Tomás Fernando ANTOZZI; Gorka GORROTXATEGI; Jorge GONZALEZ (54´ Paul NIcolae FLOREA); Lucas VINENT (68´ Abraham TAMARGO); Ike IRUSTA; Rafael ESCARIO; Hector MEDINA GALEA (64´ Romain ADDA); Rafael MEDINA (68´ Alejandro LAFORGA); Juan FONSECA; Yako IRUSTA; Matias BALBONTIN (60´ Matías PASSARO). 

GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS; Jon ABOITIZ (67´ Agustín FORURIA); Leonel MORENO (41´ Jon Mikel ABOITIZ); Francisco José GONZALEZ (68´ Mikel ZUBIARRAIN); Aritz ASENSIO (41´ Adrian Darryn HALL); Reuben DU PLOOY; Albertus DE BOD; Juan Bautista ARRANZ (64´ Fagu MALLOY); Iker OLAETA; Austin Marc DAVIDS (41´ Estanislao RENTHEL); Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN; Ruan WASSERMAN; Eneko GOROSTIZA; Peio URRUTIA. 

EPAILEA / ÁRBITRO: Roger PARERA