Gernika Rugby Taldeak garaipenarekin hasi du denboraldia. Ohorezko B Mailako lehenengo jardunaldian Getxo Rugby izan dute parez-pare, eta “partidu oso borrokatua” lehiatu zuten, Urbietako zelaian. Basurdeak 23 eta 10 nagusitu baziren ere, gogotik lan egin behar izan zuten denboraldiko lehen lau puntuak etxean geratzeko.
Derbi bizkaitarra “gogor eta sufrituari” hasiera eman aurretik, Naia Laso bermeotarrak ohorezko sakea egin zuen. Urbietara bertaratu ziren zaletuek txalo artean hartu zuten Parisko Olinpiar Jokoetan diploma lortzeaz gain, duela hiruzpalau aste Skate Parkeko Munduko Txapelketan hirugarrena izan zen skater gaztea.
Neurketari dagokionez, hasiera batetik gernikarrak ondo kokatu ziren zelaian, eta baloiaren jabetzan izateko grina erakutsi zuten. Hala ere, getxoztarrak izan ziren markagailuan aurrea hartzen lehenak: Gabriel Enrique Tobiok zigor ostiko batez 0 eta 3koa ezarri zuen markagailuan. Basurdeek baina, beraien jokoa ezarri nahian jarraitu zuten, eta lehen ordu laurduna betetzerako partiduko lehen entsegua lortu zuten Nel Raynardten eskutik. Minutu gutxi beranduago Ramiro Perezek, zigor ostiko bat ona eginez, 8 eta 3koa ezarri zuen. Gernikarrak “oso ondo” aritu baziren ere, ez zuten lehen zatia bukatu aurretik alde hori handitzea lortu.
Atsedenaldian Gernika Rugby Taldeak bere lehen aldaketa egin zuen: Eder Martinez zelairatu zen Agustin Foruriaren ordez. Epaileak jokoa berrabiarazi eta minutu gutxira baina, txartel horia ikusi zuen Martinezek. Ondorioz, hamar minutuz jokalari bat gutxiagorekin aritu baziren ere, basurdeak getxoztarren erasoei eusteko gai izan ziren. Quim Culubret izan zen etxeko taldearen bigarren entsegua gauzatu zuena eta minutu gutxira, Roke Omaetxebarria gernikarrak hirugarrena igo zuen markagailura (20-03). Gernikarren hiru entseguak aurrelariek egindako “lan onetik” iritsi baziren ere, basurdeek atzean egindako defentsa lana ere aipagarria izan zen, getxoztarrek “ezin izan baitzuten apurtu”.
Gernikarrek esku artean izan zuten denboraldia bost punturekin hasteko aukera, baina azken minutuetan murgilduta zeudelarik Getxo Rugby Taldeak entsegua lortu zuen. Hala ere, garaipena etxean geratu zen eta basurdeek denboraldiko lehen puntuak poltsikoratu zituzten. Denboraldi berriko lehen neurketak emandakoarekin eta berdegunean erakutsitako lanagaz “pozik” agertu ziren etxeko jokalariak.
Hurrengoa, Zarautzen. Lehen jardunaldia igarota, derbi bizkaitarrak beste euskal derbi bati utziko dio tokia. Datorren domekan, urriaren 20an, Gernika Rugby Taldeak Gesalaga Okelan Gipuzkoa Sortzen — Zarautz Rugby Taldea — bisitatuko du Asti kirolgunean, Zarautzen. Gipuzkoarrak garaipen zabala eskuratu dute lehenengo jardunaldian, La Unica Rugby Taldea mendean hartuta (07-31).
ARGAZKIAK: Fredymonfoto