Complutense Cisnerosek garaipen argia lortu zuen Gernika RTren aurka Puerta de Hierroko instalazioetan jokatutako kopako norgehiagoka bizian.

Hasieratik bertatik, Madrilgo taldeak, erritmo altua ezarri zuen, Gernika bere zelaian atzera egitera behartuz. Baloiaren jabetza ia erabatekoa izan zen madrildarren alde lehen hamabost minutuetan, eta lenengo entsegua azkar iritsi zen: fase luze baten ostean, jokalari madrildarrak lehen entsegua lortu zuten eskuineko hegalean.

Gernikak bere nortasun-ezaugarri klasikoekin erreakzionatzen saiatu zen: ordena, jokaldi zuzena eta fase laburrak, barrutik desgastea bilatuz. Hala ere, aurrera egiteko saiakera oro Cisnerosen defentsa diziplinatuarekin talka egin zen; madrildarrek metro gutxi utzi zituzten eta hainbat baloi-galera eragin zituzten kontaktuetan.

Atsedenaldiabaino lehen, madrildarrek aldea handitu zuten beste bi entsegurekin, euren hiru laurdenen arteko konbinazio onen fruitu.

Bigarren zatian antzeko dinamika mantendu zen. Cisneros, baloiarekin oso eroso, hegaletan tarteak aurkitzen aritu zen, eta Gernikak ekintza isolatuekin eta aurrelarien indarrarekin soilik erantzun ahal izan zion. Touch-maul baten ondorengo entsegu batek eta trantsizio azkar batean lortutako beste batek partida erabat apurtu zuten. Basurdeek, ahalegin handia egin arren, azken minutuetan entsegu bat baino ez zuten lortu markagailua zertxobait apaintzeko.

Orain indarrak berritzeko garaia da, eta Basurdeek atseden-aste bat izango dute Kopako azken jardunaldia jokatu aurretik: abenduaren 20an izango da, Madrilen, CRC Pozueloren aurka.