Bi denboraldi Ohorezko B Mailan izan ostean, gaur berrestreinatu da berriz Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea estatuko goreneko mailan. Parez pare Unió Esportiva Santboiana izan dute gernikarrek, Baldiri Aleu, talde kataluniarraren zelaian jokatutako neurketan. Ohorezko Mailari dagokion lehen jardunaldi honetan, Santboiana 48 eta 15 nagusitu zaio Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeari. 

Etxeko taldea talde indartsua, norbere zelaian erresistentzia handia duen taldea denaren jakitun iritsi dira bizkaitarrak Baldiri Aleu-ko berdegunera. Aurre egin ahal izateko gogotsu zelairatu beharko zirenaren jakinaren gainean izanik, hala egin du Eduardo Maidaganen taldeak. Hala, neurketako lehen bost minutuak igaro orduko, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak markagailuan aurrea hartzea lortu du, Estanislao Renthel-ek aldeko zigor ostiko bat on egin ostean. Minutu gutxiren buruan iritsi da neurketako lehen entsegua Eneko Gorostizaren eskutik. Neurketako lehen hamar minutuak bete direnean, markagailuan 0 eta 8koa adirazten zuen gernikarren alde. 

Ez da denbora asko igaro, ordea, kataluniarrak markagailuan hurbiltzen hasi diren arte: Jose Maria Vianaren entseguak eta Albert Millanen transformazioak neurketa ea berdinduta utzi dute. Lehen ordu erdia bete denerako, Vianaren bigarren entseguarekin aurrea hartu du Santboianak. Basurdeak parekotasuna mantentzeko gai izan dira, Facundo Lamasen entsegu batekin markagailuan berriz ere aurretik jartzea lortuz, baina berriro ere, atsedenaldirako minutu bakarraren faltan, gernikarren akats bat aprobetxatuz, Francisco José Plodderek, neurketako hirugarren entsegua lortu du Unió Esportiva Santboianarentzat. Hala, epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, Baldiri Aleuko markagailuak 17 eta 15ekoa adierazten zuen, etxeko taldearen mesedetan. 

Bigarren zatiari begira, Kataluniako taldeak aurrera pausu bat eman du, Gernikako taldea intentsitatea galduz joan den unean, eta horrek Santboianak markagailuan aldea handitzea ahalbideratu du. Izan ere, bigarren zatian etxeko taldeak bost entsegu lortu ditu, laurogeigarren minutua iritsi denerako emaitza 48 eta 15ekoa izanik. Bigarren zatiko lehen entsegua hasi eta bi minutura lortu du Albert Millanek. Gainontzekoak Marc Palomar, Federico Bianchini, Gaston Alejandro Via eta Lionel Afaese Tauli, Santboianako kapitainaren eskutik iritsi dira. Azken emaitza 48 eta 15ekoa izan da. 

Datorren jardunaldia ere etxetik kanpo jokatuko dute bizkaitarrek, zehazki, Recoletas Burgos – Universidad de Burgos-en zelaian, San Amaron. Neurketa datorren igandean, urriaren 10ean izango da. Lehen jardunaldian porrota jaso du talde burgostarrak (33-20) Complutense Cisnerosen etxean. 

_________

UE SANTBOIANA: Mariano Eduardo VIANO (53´ Gastón Alejandro VIA); Aleix BUIRA (59´ Joan LOPEZ); Jose Maria VIANA (53´ Sergi COMA); Francisco José PLODDER (51´ Federico BIANCHINI); Oriol PUYOL; Ruan SNYMAN; Marc PALOMAR (59´ Mikel LAFRAYA); Lionel Afaese TAULI; Juan Manuel LESKANO; Albert MILLAN; Federico Iván GONZALEZ (64´ Pau ANGUITA); Marcos PUIG (64´ Zak CHAMBERS); Ignacio CONTARDI; Jordi JORBA (71´ Marc VILAR); Imanol Ubaldo MARTINEZ. 

GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS; Jon Mikel ABOITIZ (45´ Leonel MORENO); Eder MARTINEZ (58´ Jon ABOITIZ); Agustín FORURIA (50´ Aritz ASENSIO); Francisco José GONZALEZ (78´ Itai MARURI); Juan Bautista ARRANZ; Agustín Tomás VEROLI; Fagu MALLOY; Jokin ESKOLAR; Iker OLAETA; Eneko GOROSTIZA; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA (58´ Mikel ZUBIARRAIN); Andoni MARTIN; Peio URRUTIA; Estanislao RENTHEL. 

EPAILEA / ÁRBITRO: Luis Fernández