Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldia euskal derbi batekin hasi da: Ampo Ordizia RE eta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak elkar ikusi dute Altamirako berdegunean. Taldea gipuzkoarra 51 eta 08 nagusitu da.
Euskal derbia ez da inondik ere Gernikako taldeak espero bezala gauzatu. Kanpotik bazirudien basurdeak deseroso zeudela berdegunean, ez dute beraien jokoa islatzea lortu, eta horri ,burututako akatsak eta etxeko taldearen nagusitasuna gehituta, ezinezkoa izan dute garaipena eskuratzea. Akats horietako batean iritsi da neurketako lehen entsegua: Imanol Aldanondok eskuratu du, eta Valentin Cruzen transformazioarekin, goiz aurreratu da Ordizia. Gernikarrak markagailuan gertu jarraitze aldera trebatu dira, eta Ruan Wassermanek zelai erditik haratago jaurtitako zigor ostiko baten bitartez, markagailuan 7 eta 3koa jarri du. Ordiziak ordea ia jarraian entsegu jario batekin erantzun du: hamabost minuturen buruan hiru entsegu lortu ditu etxeko taldeak. Hogeita hamabost minutu jokatu diren unerako, markagailuak 31 eta 3koa adierazten zuen.
Jokoari dagokionez, zein une estatikoei erreferentzia eginez, gaurkoan ez da gernikarren bertsio onena ikusterik izan Altamiran. Egindako zenbait akats garesti ordaindu ditu talde bizkaitarrak. Atsedenaldira iristeko bizpahiru minuturen faltan Aritz Asensiok Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen aldeko entsegua lortu du. Horrela, epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, Ampo Ordizia aurretik zen markagailuan: 31 eta 8.
Bigarren zatiari dagokionez, Ordiziaren nagusitasunak nabari izaten jarraitu badu ere, zenbait unetan gernikarren aurrerapausoak ere hauteman dira, zenbait puntu eskuratzeko aukerak izanez. Talde bizkaitarrak ordea ez du aukera horiek puntutan islatzea lortu. Ordizia bestalde bai izan da gai bigarren zati honetan hainbat puntu bereganatzeko: zenbait aldaketa eginez mele-etan indartsu egin eta zigor ostiko batzuez baliatu da, besteak beste. Hirurogei bat minutu jokatuak zirelarik, etxeko taldearen aldeko zigor entsegua adierazi du Pedro Montoya epaileak. Aldi berean, Reuben Du Plooy Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko jokalariak txartel horia ikusi du, taldeko falta errepikapena egotzita. Berdegunean bat gehiago izateari etekina atera dio etxeko taldeak. Neurketako azken entseguarekin batera, Agustin Tomas Veroli Gernikako jokalariak txartel horia ikusi du epaileak joko zikina egotzita. Neurketako azken minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu ditu Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak. Hala ere, neurketako azken minutuan, Caylib Rees Oosthuizen Ampo Ordiziako jokalariak ere txartela ikusi du, zelaian talde bakoitza hamalau jokalarirekin utziz.
Gauzak horrela, Ordizia euskal derbian argi nagusitu da, garaipena eskuratuz: Pedro Montoyak neurketaren bukaera adierazi duenean Altamirako elektronikoak 51 eta 08koa adierazten zuen. Hala, bost jardunaldi jokatuta, basurdeek ez dute oraindik garaipenik lortu eta sailkapenaren beherenean mantentzen dira, puntu bakarrarekin.
Datorren asteburuan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak ez du partidarik jokatuko, bosgarren jardunaldiko hiru neurketa jokatuko baitira. Seigarren jardunaldia azaroaren azken asteburuan jokatuko da, eta talde gernikarrak C,P Les Abelles hartuko du Urbietan. Neurketa garrantzitsua izango da oso bizkaitarrentzat, Valentziako taldea, egun lau jardunalditan garaipen bakarra eskuratuta, aurkari zuzena izan daitekeelako.
_____________
Ampo Ordizia RE: Aitor LASA (50´ Caylib Rees OOSTHUIZEN); Diego CARVAJALES (50´ Ander ALBERDI); Rodrigo Julián OUBIÑA (65´ Mohamed AMINE); Asier ALVAREZ DE EULATE; Pohutukawa Pese LEAUMA (66´ Anthony NAZABAL); Eneko SALINAS; Anthony MATOTO (66´ Aitor TXURRUKA); Oier GOIA; Alain ARAÑA (58´ Elliot RYAN); Lander MUJIKA; Julen GOIA; Valentin CRUZ; Imanol ALDANONDO (58´ Gabriel Joubert ENGELBRECHT): Andell Anwer LOUBSER (60´ Arturo RIVAS); Lander GÓMEZ.
Gernika Rugby Taldea: Jon Mikel Aboitiz; Eder MARTINEZ (45´ Jon ABOITIZ); Leonel MORENO (10´ Ibai BILBAO); Reuben DU PLOOY; Aritz ASENSIO; Juan Bautista ARRANZ (45´ Agustín Tomás VEROLI); Albertus DE BOD; Fagu MALLY (63´ Agustín FORURIA); Jokin ESKOLAR; Iker OLAETA (41´ Estanislao RENTHEL); Eneko GOROSTIZA; Gaiza ITURRIAGA-ECHEVARRIA (63´ Austin Marc DAVIDS); Andoni MARTIN (58´ Mikel ZUBIARRAIN); Peio URRUTIA; Ruan WASSERMAN.
Epailea / Árbitro: Pedro MONTOYA