Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak ezin izan du urtea garaipenarekin hasi. Ohorezko Mailari dagokion zortzigarren jardunaldiko neurketa jokatu dute gaur eguerdian Ciencias Enerside eta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak. La Cartujan jokatutako partidan talde andaluziarra nagusitu da, 45 eta 15.
Talde gernikarra sailkapen orokorraren beherenean dagoelarik, denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko asmoz gerturatu da Sevillara. Aurrean Ciencias Enerside, zazpi jardunalditan bi garaipen eskuratura, liga zein Kopako txapelketara begira gaurkoan garaipena behar zuen taldea.
Etxeko taldeak neurketa hasi eta minutu gutxira hartu du aurrea markagailuan. Cormac Eoin Fox irlandarra izan da, zigor ostiko batez, bere taldea aurreratu duena. Neurketa orok duen garrantziaren jakitun izanik, gernikarrak gogor trebatu dira egoera lehenbailehen iraultzek. Hamargarren minutua pasata, Ruan Wasserman izan da markagailuan 3 eta 3koa jarri duena. Ciencias Enerside erasoan bizi eta indartsu aritu da, eta hala, entseatutakoa zirudien jokaldi batean, neurketako lehen entsegua lortu dute Jody Maihi Allen zeelandaberritarraren eskutik. Gernikarrak defentsan ahal bezain beste eusten ahalegindu dira, baina denbora gutxira andaluziarren bigarren entsegua iritsi da. Lehen bi entseguak jokaldu berdintsuetan eskuratu dituzte. Samuel Wasley-k gauzatu du, eta Fox-en transformazioarekin, markagailuan 17 eta 3koa jartzea lortu dute.
Lehen ordu erdia betetzear zela, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko jokalaria den Francisco José Gonzálezek txartel horia ikusi du epaileak joko zikina egotzita. Ondorioz, hamar minutuz bizkaitarrek jokalari bat gutxiago izan dute berdegunean. Denbora-tarte horretan Samuel Wasley-k Ciencias Enerside-entzat hirugarren entsegua lortu du (24-03). Zigorrak irauten dituen hamar minutuak bete diren unean, Sevillako taldeko jokalaria den Franco Lopezek ere txartel horia ikusi du, arrazoi beragatik. Markagailuak lehen zatiko berrogei minutuak beteak zirela adierazten zuen unean iritsi da Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen lehen entsegua, Jon Aboitizen eskutik. Epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean La Cartujako markagailuak 24 eta 8koa adierazten zuen.
Lehen entsegu horrek Gernikako taldea aurrerapauso bat ematera bultzatu du. Epaileak jokoa berrezarri eta bost minutura, Albertus De Bod Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko jokalariak bere taldearentzat neurketako bigarren entsegua lortu du. Iker Olaetaren transformazioarekin 24 eta 15ekoa ezarri da markagailuan. Helburu ezberdinekin bazen ere, neurketak iraundako minututetan bi taldeek argi utzi dute garaipena eskuratu nahi zutela. Gaurkoan, Ciencias Enerside nagusitu da. Izan ere, neurketa azken hogei minutuetan murgilduta zegoelarik, hiru entsegu gehiago lortzeko gai izan dira – dagozkien transformazioekin-. Lehena Ignacio Salazarren eskutik iritsi da. Bigarrena, ia jarraian, Vincet O´Brienek eskuratu du, eta azkena, neurketa bukatzeko hiruzpalau minutu falta zirelarik, Gabriel Roldanek. Azken honek partidako azken minutuan txartel horia ikusi du. Gauzak horrela, epaileak neurketaren bukaera adierazi duenean markagailuak 45 eta 15ekoa adierazten zuen, etxeko taldearen alde.
Datorren asteburuan etxean izango dute partidua basurdeek. Izan ere, igandean (urtarrilak 16) eguerdiko hamabietan, Ohorezko Mailako bederatzigarren jardunaldia jokatu beharko dute Recoletas Burgos – Universidad de Burgos taldearen aurka. Zortzi jardunaldiren ostean, talde burgostarra hamargarren postuan da sailkapenean, bi garaipenekin. Denboraldiko bigarren jardunaldian Burgosen jokatu zen neurketaren itzulerako partida izango da; neurketa hartan etxeko taldea nagusitu zen, 34 eta 13.
__________
CIENCIAS ENERSIDE: Juan Ignacio PÉREZ (60´ Oscar SÁNCHEZ); Ignacio SALAZAR (58´ Vincent O´BRIEN); Enrique CUADRADO (58´ Rafael Alberto MUÑOZ); Jody Maihi ALLEN (58´ Emmanuel BOBO); Woody KIRKWOOD; Franco LÓPEZ; David SERRANO (66´ Maxim ERMAKOV); Samuel WASLEY; Terry Jan Claude BOUHRAOUA (46´ Gabriel ROLDÁN); Cormac Eoin FOX (72´ Juan CARRASCO); Guillermo MATEU; Facundo RUTOLO (46´ Jorge FERNÁNDEZ); Juan DOMÍNGUEZ; Declan Glen BARNETT; Axel Martín PAPA.
GRUPO INTXAUSTI GERNIKA RUGBY TALDEA: Jon Mikel ABOITIZ (41´ Facundo LAMAS); Jon ABOITIZ (41´ Eder MARTINEZ); Leonel Moreno; Marlyn Earl WILLIAMS; Aritz ASENSIO (66´ Agustín FORURIA); Francisco José GONZÁLEZ; Albertus DE BOD (48´ Juan Bautista ARRANZ; Fagu MALLOY; Iker OLAETA (48´ Jokin ESKOLAR); Estanislao RENTHEL; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA; Andoni MARTIN (62´ Eneko GOROSTIZA); Ruan WASSERMAN; Carlos ZAVALA (62´ Mikel ZUBIARRAIN); Peio URRUTIA.
Epailea / árbitro: Joaquín SANTORO