Club Rugby La Vila nagusitu da Ohorezko Mailara igoera faseko finalean. Talde alakantarrak 26 eta 22 gainditu du Gernika Rugby Taldea El Pantanon jokatutako neurketan, zuzenean Ohorezko Mailako talde bihurtuz. Gauzak horrela, Gernikak hamabost egunen buruan beste aukera bat izango du igoera lortzeko: Mazabi Santander Independiente RC, Ohorezko Mailako azken aurreko sailkatuaren aurka jokatu beharko du.
Gernika Rugby Taldeak bidaia luzea egin du Villajoyosara iristeko, baina bidean aspaldiko partez neurketa bat zuzenean ikusi eta taldea animatzeko irrikaz zeuden hainbat zaletuk egin diote lagun. Marea berdearen zati esanguratsu bat Alakantera gerturatu da, hurbiltzerik izan ez dutenen izenean harmailetatik taldea bultzatzeko.
Parez pare ziren bi taldeekin bat, gaurkoan beroa izan da protagonistetako bat. Aurrez aurre CR La Vila eta Gernika Rugby Taldea. Bi taldeetako batek gaur ezagutuko zuen porrota lehenengoz denboraldi honetan. Aurreratu legez, basurdeak izan dira. Bi taldeak, bakoitza bere azpitaldean, lehen postuan sailkatu ziren, eta igoera faseko aurreko bi neurketetan arerio gogorrak gainditu behar izan zituzten gaurko partida erabakigarri honetara iristeko: CR La Vilak Pasek Belenos RC eta Hernani C.R.E gainditu izan ditu, Gernikak berriz, Fénix C.R Zaragoza eta Pozuelo Rugby Unión. Txapelketako bi talde indartsuenak izan direla esaterik bada.
Neurketa eguerdiko hamabietan hasi da. Neurketa hasieran gernikarrak izan dira nagusi, menderatzaile. Goiz, lau minutu besterik jokatu ez direla, markgailuan aurrea hartzea lortu du talde bizkaitarrak; Siyabonga Masukuk zigor-ostiko baten bitartez markagailuan 0-3koa ezarri du. Gernika nagusi izan da, kontrola beregain izan duela esaterik bada. Hala, basurdeen erasoetako batean, epaileak zigor-entsegua adierazi du, gernikarren mesedetan. Hamabost minutu jokatuta, gernikarrak aurretik ziren, 0-10. Siyabonga Masukuk zigor-ostikoen bitartez lortutako puntuek bizia eman diote markagailuan tartea zabaltzeko asmoz lanean zebilen Gernika Rugby Taldeari. Hogeigarren minutuan, ordea, Tomas Etxeverry-k CR La Vilarentzat neurketako lehen entsegua lortu du, Arthur William-en transformazioarekin, 7 eta 13-koa ezarriz. Lehen berrogei minutuak burutzeko bost bat minuturen faltan, beste behin Siyabonga Masukuk tartea handitu du. Epaileak lehen zatiaren bukaera adierazi duenean, El Pantanoko markagailuak 7 eta 16koa adierazten zuen, basurdeen alde.
Bigarren zatian, bestalde, etxeko taldea sendo, jarrera irmoz zelairatu da. Masuku izan da bigarren zati honetan zigor-ostiko bidez markagailuan aldaketa eragin duen lehena, baina jarraian, CR La Vilak entsegu batekin erantzun dio (Salvador Palomares). Minutu gutxiren buruan, etxeko taldeak hirugarren entsegua lortu du, oraingoa Ignacio Cainiren eskutik. Markagailuak berdinketa adierazten zuen, 19 eta 19. Neurketa bukatzeko hamar bat minutu falta zirelarik, Gernika Rugby Taldeko Jon Aboitiz jokalariak txartel horia ikusi du, epaileak joko zikina egotzita. Tentsioa nabari zela esan daiteke, bai zelaian zein harmailean. Beste behin Gernikak aurrea hartzea lortu du, Masukuren bitartez. Hala baina, talde bizkaitarraren zenbait akatsek, CR La Vilak neurketan lehenengoz aurrea hartzea ahalbideratu dute. Izan ere, neurketa bukatzeko hiru minutu falta zirelarik, Stephen Anthony Martínez, etxeko taldeko jokalariak, bere taldearentzat laugarren entsegua lortu du, Arthur Williamen transformazioarekin markagailuan 26-22 definitiboa jarriz.
Hala, talde alakantarra Ohorezko B Mailako txapeldun izendatu da, zuzenan datorren denboraldian Ohorezko Mailan lehiatzeko txartela lortuz. Gernika Rugby Taldearentzat ordea, denboraldia ez da bukatu, ezta gutxiago ere. Maiatzaren azken asteburuan Mazabi Santander Independiente RC taldearen aurka jokatu beharko duen neurketan goren mailara igotzeko beste aukera bat izango du.
_______________________________________
CR LA VILA: Agustín PACHECO; Ignacio CAINI (53´ Vicente BOU); Stephen Anthony MARTÍNEZ (78´ Alexander SHEROZIYA); Rodrigo Eduardo LACOSTE; Agustín ZANIVAN (75´ Lucas NOTARI); Guillem CARRIÓN (53´ Juan VINACHES); Thomas Lee JEVONS; Juan Pablo DEMARGASSO; Franco SALICE; Javier Mario CARRIÓN; Matias Daniel JARA (45´ Rodrigo TRIMBOLI); Matías TUDELA; Salvador PALOMARES (66´ David NAVAS); Tomás ETXEVARRY; Arthur WILLIAM.
GERNIKA RUGBY TALDEA: Facundo LAMAS; Eder MARTINEZ (66´ Francisco BOTTONI); Ibai BILBAO GARCIA (62´ Jon ABOITIZ); Andoni LARRABEITI; Federico STEIN (55´ Agustín Tomás VEROLI); Juan Bautista ARRANZ; Albertus DE BOD; Fagu MALLOY (66´ Agustin FORURIA); Iker OLAETA (60´ Jokin ESKOLAR); Estanislao RENTHEL; Eneko GOROSTIZA; Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA (55´ Carlos ZAVALA); Andoni MARTIN (61´ Peio URRUTIA); Xabier ALBIZUA; Siyabonga MASUKU.
Epailea: Alfonso MIRAT
Partidua berrikusteko esteka: https://www.apuntmedia.es/retransmissions/esportives/16-05-2021-retransmissions-esportives_134_1419476.html