Gernika Rugby Taldeak eta AVK Bera Bera Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako hamaseigarren jardunaldiari dagokion neurketa jokatu dute gaur Urbietan. Bigarren itzuliko azken jardunaldian gernikarrak 76 eta 00 nagusitu dira. 

Ohorezko Mailara igotzeko playoff-ak jokatzeko matematikoki sailkatuta egonik ere, puntu oro garrantzitsua izan daitekeenaren jakitun, gernikarrak bost puntuak eskuratzeko intentzioz zelairatu dira. Aurrean, AVK Bera Bera,txapelketako bosgarren sailkatuak, gernikarren asmoak galarazi eta partidako puntuan Donostiara eramateko gogotsu. 

Gernikako jokalariak nagusi izan dira lehen unetik. Plazaratu nahi zuten jokoan kontzentratuta, hamargarren minutua bete orduko bi entsegu burutu eta markagailuan aurrea hartzea lortu dutelarik (Agustín Tomás Veroli eta Jon Aboitiz). Donostiarrek ere beraien jokoa ezarri nahi izan dute, eta hogei bat minutuz etxeko taldearen jokoan eragitea lortu dute. Hala ere, basurdeek egoera hori irauli ahal izan dute, momentu horretatik aurrera partidako jaun eta gabe izanik. 

Lehen ordu erdia betetzear zela iritsi da Gernikaren hirugarren entsegua Federico Steinen eskutik. Segituan, Andoni Martinek laugarrena eskuratu du. Horrela, lehen ordua erdia jokatuta, Urbietako markagailuak 26 eta 00-koa adierazten zuen. Edonola ere, epaileak neurketaren lehen zatia amaitutzat eman orduko, Albertus De Bod-ek gernikarrentzat bosgarren entsegua egitea lortu du, markagailuan 31 eta 0koa ezarriz. 

Bigarren zatian ere Gernikak lehen zatian erakutsitako nagusitasunari eutsi dio. Neurketa behar bezala kudeatzeko gai izan dira, eta defentsan diziplina osoz jokatuz, nagusitasun hori markagailuan islatzeko gai izan dira. Bigarren zatia hasi bezain pronto iritsi da Jokin Eskolarren entsegua, neurketako seigarrena gernikarrentzat. Pare bat minuturen buruan, Eneko Gorostizaren eskutik, zazpigarrena. Gernikarrek lehenengo zatiko erritmoa mantentze lanetan jardun dute, eta horretarako, burutu zitzakeen aldaketa guztiak egin ditu Eduardo Maidagan entrenatzaileak. Azken hogeita bost minutuetan ere hainbat entsegu eskuratu dituzte gernikarrek. Azken hamar minutuetara iritsi aurretik, Andoni Larrabeiti, Jokin Eskolar eta Eneko Gorostizak, hiru entsegu berriri esker, markagailuan tartea gehiago handitzea lortu dute. 

Azken hamar minutuetan zelaian tentsioa areagotuz joan da. Epaileak gernikarren aldeko zigor-entsegua adierazi du. Azken minutuan, Siyabonga Masukuk neurketako azken entsegua lortu eta transformatuz, markagailuan 76 eta 00 definitiboa ezarri du. 

Lehen fase hau neurketa bat bera ere galdu gabe bukatuta, jardunaldi honetako gainerako emaitzak ezagutzeko itxaron, eta datorren faseari begira lanean hastea da gernikarren hurrengo egitekoa. 

_____________________

Gernika Rugby Taldea: Facundo LAMAS (46´ Ibai BILBAO GARCIA); Jon ABOITIZ (58´ Eder MARTINEZ); Jon Mikel ABOITIZ (54´ Francisco BOTTONI); Agustín Tomás VEROLI (46´ Andoni LARRABEITI); Federico STEIN; Albertus DE BOD; Agustín FORURIA; Fagu MALLOY (46´ Agustín Francisco NOGUERA); Jokin ESKOLAR; Estanilao RENTHEL (57´ Nicolás Luciano ALTABE); Eneko GOROSTIZA; Carlos ZAVALA (41´ Gaizka ITURRIAGA-ECHEVARRIA); Andoni MARTIN (46´ Iker OLAETA), Xabier ALBIZUA; Siyabonga MASUKU.

AVK Bera Bera RT: Josu ALTUNA (58´ Pablo IDARRETA); Manuel GARCES; Iker ETXEBESTE (50´ Felipe SARATXAGA); Jorge ALMECIJA (62´ Ion GAINES); Jon GARCIA (56´ Borja GOMEZ); Oscar GARCIA DE LA PEÑA; Luis DIAZ; Aitor ANGIOZAR; Aratz DE GOICOECHEA; Ander IRAZUSTABARRENA; Izko ARMENTAL; Xabier GOENAGA (36´ Beñat JARAMILLO); Unai BAYÓN; Iñigo ARELLANO (62´ Peru TEIXEIRA); Anton LEGORBURU.

Árbitro: Andoni SUSPERREGI